Abuztuaren 6ra arte 39 emanaldi programatu dira, antzerkia, musika, dantza eta zirkua uztartuz.
Erriberriko Antzerki Jaialdiak hogeita laugarren edizioa hartuko du bihar, ostirala, hilak 21, eta abuztuaren 6ra arte. Bertan, musika, dantza eta zirkua eta antzerkia uztartuko dira. Espazio berriak ere izanen dira: besteak beste, San Martin Unxeko udal-aparkalekua; Errege Jauregiko sarrerako patioa eta Erriberriko Rueda plaza edo Beireko Udaletxeko plaza. Horiekin batera, La Cava, Erriberriko Jauregia, Enozentrum (lehen Turismo Bulegoa-Ardoaren Museoa deitua), Teobaldoen plaza, Karlos III.a Noblearen plaza, Erriberriko Kultur Etxea, Frantziskotarren Eskola Zaharrak, Tafalla Kulturgunea Kultur Zentroa eta Ezpeleta Jauregia.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak Baluarte Fundazioarekin elkarlanean antolatuta, jaialdiak bigarren urtez Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak osatutako zuzendaritza artistikoa izanen du. Zuzendaritzak egitarau berdinzalearen eta inklusiboaren aldeko egin du, 22 ikuskizunetako 39 emanaldirekin. Horietatik 13 emakumeek sortu, idatzi edo zuzendu dituzte. Horietatik zortzi Nafarroako konpainietakoak dira, bi nazioartekoak, bat inklusiboa eta bat euskaraz.
Erriberrik bi arte-egoitza ere izanen ditu, Mikele Urroz eta Lucia Ezker, eta Las nenas Theatreren eskutik. Jaialdiak berriz ere hartuko ditu “Erriberri esperientziak”, jokaespazio konbentzionala herriko kaleetara zabalduz bizitzera gonbidatzen dutenak. “Erriberri Geltokiak” deritzonek udalerritik kanpoko ikuskizunak jasoko dituzte. Eta berriz ere hiru topaketa antolatuko dira artistekin eta kazetariekin eta Nafarroako konpainiekin.
Halaber, hiru lantegi programatu dira. Horietako bitarako bete dira jada plaza guztiak —“Desaprender a vivir. Aprender a contar” Maria Velascorekin, eta “Haz que pase” Teatro en Vilo-rekin—. Carla Rovirak emanen “Autoficción utópica” lantegirako oraindik geratzen dira hainbat plaza. 8 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, Roviraren lantegiak etorkizun utopiko posibleei buruzko autofikzio ariketa bat proposatuko du; horretan, parte-hartzaileek tresna eszeniko bat sortuko dute utopia helburu hartuta. Uztailaren 24, 25, 26, 27 eta 28an izanen da Frantziskotarren Eskola Zaharretan.
Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusi Ignacio Apezteguiak, Jaialdiko zuzendari artistiko Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak eta Erriberriko alkate Josu Etxarri Sueskunek aurkeztu dute gaur goizean jaialdiaren hasiera La Cavako agertokian. Edizio honetan parte hartuko duten Nafarroako zortzi konpainietako hainbat ordezkari ere egon dira aurkezpenean —Qabalum, Iluna ekoizpenak, Ion Iraizoz, Lore More, La Trapecionista, Estefania de Paz Asin, Producciones Maestras—, baita Baluarte Fundazioko eta Tafalla, San Martin Unx eta Beireko ordezkariak ere.
Apezteguiak hauxe adierazi du jaialdiari buruz: “erreferente bihurtu da kalitate handiko programazioagatik, lengoaia eta formatu anitzengatik, eta arte eszenikoen tradizioa proposamen ausart, berritzaile eta garaikideagoekin uztartzen du”. Aipatu du, halaber: “Erriberrin eta lurraldean duen hedapena sendotzen du; izan ere, laugarren udalerri bat, San Martin Unx, batu zaie Tafallari eta Beireri eta, jakina, Erriberri”. Jaialdiaz nabarmendu du: “nazioarteko eta nazioko konpainiak daude, eta urtero erakusten du Nafarroako sormenaren eta artearen gaurkotasuna”.
Lehen asteburuko egitarua
Jaialdiaren inaugurazioa uztailaren 21ean (ostirala) izanen da 19:30ean Erriberriko Teobaldoen plazan, Vero Cendoyaren “La Partida” lanarekin. Ibilbide luzeko dantza eta futbol pieza bat da; bost dantzari, bost futbolari, futbol-zelai bat eta arbitro bat agertuko dira, arau propioak dituen partida berezi batean. Lehen hitzordua 22:00etan izanen da La Cavan, Lydia Cachoren “La infamia” ikuskizunarekin, Teatro Español eta Come y Calla produkzioen ekoizpena, Jose Martret-en zuzendaritzapean eta Marina Salas-ek interpretatuta. Azken horrek aktore onenaren MAX ex aequo saria jaso berri du. Emankizun hori irisgarria izango da ikusmen- eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonentzat; horretarako, izanen ditu azpititulu egokitua, audio-deskribapena, begizta magnetiko indibiduala eta soinu anplifikatua entzungailuekin. Eta gauerdian, Raimundo El Canastero taldearen musikak itxiko du lehen eguna Karlos III.aren plazan.
Hurrengo egunean, hilaren 22an, larunbata, 19:30ean, Teobaldoen plazan, Qabalum konpainia nafarrak “La medida que nos ha de dividir” dantza garaikideko lana aurkeztuko du, Nafarroako Gobernuaren DNA 2021en eta DNA 2022an egoiliar izan dena. La Cavan Alessandra García konpainiak “Mujer en cinta de correr sobre fondo negro” lana aurkeztuko du, 2022 errebelazio-ikuskizunaren MAX sariduna.
Uztailaren 23an (igandea), Cross Border-en “Casa” lana emanen dute, Lucia Mirandaren zuzendaritzapean eta dramaturgiarekin.
Jaialdiaren lehen asteburu honetan, halaber, bi topaketa eginen dira artistekin eta prentsa espezializatuarekin, Enozentrumen, 13:00etan. Larunbatean, Machus Osinaga (RTVEko kazetaria, Arte Eszenikoetan aditua), Daniel Galindo (RNEko La Sala saioko zuzendaria) eta Raul Losanez (La Razón egunkariko kritikaria) “La infamia” lanaren taldearekin bilduko dira. Eta igandean, Osinagak, Galindok eta Losanezek Alessandra Garciarekin hitz eginen dute, “Mujer en cinta de correr en fondo negro” lanaren zuzendariarekin. Topaketa hauetan, Reyno Gourmet-ek aperitiboa emanen du. Sarrera dohainik izanen da leku guztiak bete arte.
Bigarren astean
Jaialdiak hurrengo astean izanen du jarraipena. Asteazkenean (hilak 26) eta ostegunean (hilak 27), 19:30ean, Tafallako Kulturgunean “Exit Through the Gilft Shop” taldearen emanaldi bana programatu dira. Bertan, Carla Rovirak mozorrotutako autofikzio bat proposatzen du, hirugarren pertsonan kontatua, Tarregako aurreko jaialdian estreinatu zena.
Jarduera uztailaren 26an (asteazkena) itzuliko da La Cavara, Iluna Producciones konpainiaren “Persefone” lanarekin, Miguel Goikoetxandia egile eta zuzendariarena. Hurrengo egunean, hilaren 27an (osteguna) Jon Iraizoz nafarraren “Simulacro” lana antzeztuko dute, La Caja Flotante-k ekoitzia, jaialdiaren aurreko edizioko egoitzen barnean sortutako ikuskizuna.
Datorren asteko programazioa Maria Velascoren eta Carla Roviraren lantegiekin osatuko da. Lantegiak astelehenean (hilak 24) hasiko dira Erriberriko Kultur Etxean eta Frantziskotarren eskola zaharretan.
Sarreren salmenta
Sarrean online eskura daitezke honako helbide hauetan:www.festivalteatroolite.es eta www.baluarte.com. Halaber, aurrez aurre, Baluarteko leihatilan jaso ahal izanen dira, abuztuaren 5era arte, 11:00etatik 14:00etara, astelehenetik larunbatera.
Aurten, sarreren salmentaren berrikuntza gisa, La Morea merkataritza-gunean erosi ahal izanen dira; berau zabalik egonen da asteko egun guztietan (igandeetan eta jaiegunetan izan ezik) 9:30etik 21:30era, etenik gabeko ordutegian.
Erriberrin, jaialdian zehar eskuratu ahal izanen dira Enozentrum-en (Teobaldoen plaza, 4 - Erriberri), 17:00etatik 19:00etara ostiraletan, 10:00etatik 14:00etara larunbat eta igandeetan, eta 19:00etatik 22:00etara ikuskizun egunetan.
Tafalla Kulturgunean programatu diren obretarako sarrerak soilik Tafalla Kulturguneko leihatilan eta online salduko dira. Carla Roviraren “Exit through the gift shop” lanak 3 €-ko prezio bakarra du, eta “La Trapecionista”k eta “Sexpiertos”ek, berriz, 8 €-koa.
Beireko Ezpeleta Jauregian sarrera dohainik izanen da lekua bete arte.
La Cavan programatutako ikuskizunetarako leihatilako eta online sarreren prezioa 18 € da (10 € gazte-txartelarekin). La Cavako 12 emanaldietarako abonu osoak 190 € balio du (100 € gazte-txartelarekin). La Cavan hiru emanalditarako abonuak aukeran (edozein egunetan) 50 € balio du (25 € gazte-txartelarekin).
Horiez gain, Erriberriko Antzerki Jaialdiak zortzi eserleku erreserbatu ditu La Cavako emanaldi bakoitzeko, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat. Leku horietan interesa dutenek Baluarteko eta Erriberriko leihatiletan erosi beharko dute sarrera, edo 948 066 060 telefonora deitutan (gehienez bi leku erosketa bakoitzeko).