Abuztuaren 4ra arte jaialdiak antzerkia, musika, dantza eta zirkua programatuko ditu Tafalla, Beire, San Martin Unx, Pitillas eta Erriberrin.
Erriberriko Antzerki Jaialdiak hasiera emanen dio bihar ostirala (hilak 19) eta abuztuaren 4ra arte hogeita bosgarren edizioari, musika, dantza, zirkua eta antzerkia uztartuko dituen diziplina anitzeko programazioarekin. Guztira, Erriberriko Jaialdiak 27 emanaldi programatu izanen ditu. Horietatik, 14 emakumeek sortu, idatzi edo zuzendu dituzte, 8 Nafarroako konpainiei dagozkie, ikuskizun bat nazioartekoa izanen da, 2 inklusibo izanen dira, bat euskaraz eta 3 irisgarri. Oraingoan, programazioa Tafallara, Beirera, San Martin Unxera eta, lehen aldiz, Pitillasera zabalduko da.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatu du Baluarte Fundazioarekin lankidetzan. Jaialdiaren zuzendaritza Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak osatzen dute hirugarrenez, eta bi sormen-egoitza hartuko ditu: Aiora Enparantzak, Saioa Larak eta Paula Gironik osatzen duten Paraván konpainiaren “Philía”; eta Maialen Díaz Urrizak eta Emilia Ecay Arronizen “Y volver, volver, volver...”.
Jaialdiak berriz ere hartuko ditu “Erriberri esperientziak”, jokaespazio konbentzionala herriko kaleetara eta bestelako sitespecific espazioetara zabalduz bizitzera gonbidatzen dutenak, baita “Erriberri Geltokiak” deritzonak ere, udalerritik kanpoko ikuskizunak jasoko dituztenak. Eta berriz ere bi topaketa antolatuko dira, artistekin eta prentsa espezializatuarekin.
Halaber, lau lantegi programatu dira, eta oraindik plaza batzuk daude bete gabe: Juan Ayalaren eta Miguel Oyarzunen “Reclamar lo real”, “¿Cuáles son las verdaderas normas? Victoria Szpunbergekin, “El tiempo como materia” Marta Pazosekin eta “Nuestro Olite - Gure Erriberri” Nacho Bilbaorekin.
Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendari Lorenzo García Echegoyenek, Jaialdiko zuzendari artistiko Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak eta Erriberriko alkate Josu Etxarri Sueskunek aurkeztu dute gaur goizean jaialdiaren hasiera La Cavako agertokian. Horiekin batera izan dira edizio honetan parte hartuko duten Nafarroako hainbat konpainiatako zenbait kide —Melenas, Inextremis Teatro, De Improviso, La Banda teatro circo, Yarleku Teatro, Iluna Producciones, Led Silhouette, Akira Yoshida & Lali Ayguade—, baita Baluarte Fundazioko eta Tafalla, Beire, San Martin Unx eta Pitillas herrietako ordezkariak ere.
Apezteguiak hauxe adierazi du: “25 jaialdiren ondoren, Erriberriko Antzerki Jaialdia erreferente bihurtu da kalitate handiko programazioagatik eta beste lengoaia eta formatu anitzengatik. Arte eszenikoen tradizioa proposamen ausart, berritzaile eta garaikideagoekin uztartzen du”. Apezteguiak nabarmendu duenez, “Erriberri erreferentzia da Nafarroatik kanpo eta Nafarroan bertan. Urtero Nafarroako sektorearentzat aukera paregabe bihurtzen da nazioko eta nazioarteko proposamenak ezagutzeko eta bere ikuskizun propioak aurkezteko”. Kulturako zuzendari nagusiak Erriberri lurraldean hedatu izana ere ospatu du. Jaialdiak San Martin Unx, Tafalla, Beire eta Pitillasen izanen ditu egoitzak.
LEHEN ASTEBURUKO EGITARAUA
Jaialdia bihar, uztailaren 19an (ostirala) inauguratuko da. Aurtengo lehen hitzordua gaueko 22:00etan izanen da La Cavan, Erriberriko Jaialdiaren agertoki nagusian. Kulunka Teatro konpainiak Iñaki Rikarte, José Dault, Garbiñe Insausti eta Edu Cárcamoren “Forever” ikuskizuna aurkeztuko du. Ikuskizuna maskaren hizkuntza isilaren aldeko apustua egiten duen ekoizpena da, Iñaki Rikarteren zuzendaritzapean, zeinak duela gutxi Egiletza Onenaren MAX Saria eta Zuzendaritza Onenaren MAX Saria irabazi dituen. Lehen eguna gauerditik aurrera amaituko da Erriberriko Karlos III.a plazan, Melenas taldearen musikarekin. Taldea Iruñeko laukote bat da, Oihana (gitarra eta ahotsa), Leire (baxua), Maria (teklatua) eta Lauri (bateria) musikariek osatua. Melenas pop nazional berriaren errebelazioetako bat bihurtu da.
Bigarren jardunaldia, hilaren 20an (larunbata) hasiko da, edizio honetan programatutako konpainietako artistekin eta erreferentziazko kazetariekin eginen diren lehen topaketekin. 13:00etatik aurrera, Enozentrumen (sarrera librea, aretoa bete arte), arte eszenikoetan aditua den RTVEko kazetari Machús Osinagak, “La Sala” RNE programaren zuzendari Daniel Galindok eta La Razón egunkariko antzerki kritikari Raúl Losánezek “Forever” lantaldearekin solas eginen dute, eta bertaratzen direnei testurik gabeko eta maskarekin landutako dramaturgia baten aldeko apustua egitera gonbidatzen duen proposamena sortzeko prozesura hurbiltzeko aukera emanen diete, samurtasuna eta gordintasuna uztartzen dituen ikuskizun batean. Topaketa horietan, Reyno Gourmet-ek aperitiboa emanen du. 19:00etatik aurrera, Beireko Laborari Parkean, Jimena Cavallettiren Konpainiak, B.O.B.A.S. lanarekin, zuzeneko harremana proposatuko du publikoarekin; umorea, musika eta emakumeak normaltasunez umorea egiten ikustea. Ikuskizun hau berriz antzeztuko da hurrengo egunean, 19:00etan, San Martin Unxeko igerilekuko aparkalekuan. Larunbateko programazioa La Cavan amaituko da, Chévere konpainiaren proposamen batekin: “Helen Keller, ¿la mujer maravilla?”, Xron-en zuzendaritzapean eta Patricia de Lorenzo, Chusa Pérez de Vallejo eta Ángela Ibáñez aktoreekin.
Igandean (uztailaren 21a), konpainien eta kazetarien bigarren topaketa eginen da. Oraingo honetan, Osinagak, Galindok eta Losánezek Chévere eta Cultura i Conflicte konpainiekin solas eginen dute, “Helen Keller, ¿la mujer maravilla?” eta “Moríos” ikuskizunak sortzeko prozesuari heltzeko. Eta 22:00etatik aurrera, La Cavak Cultura i Conflicteren eta Teatre de l’Auroraren “Moríos” lanaren antzezpena jasoko du, Joan Arqué Solàren zuzendaritzapean, eta Imma Colomer, Montse Colomé, Oriol Genís, Arthur Rosenfeld, Magda Puig, Erol Ileri eta Piero Steiner/Enric Ases-ek antzeztua.
Programazioak asteartean (uztailaren 23a) izanen du jarraipena Itziar Maneroren lehen bakarkako lanarekin. 21:00etan izanen da Erriberriko Errege Jauregiko masustondoan. Hurrengo egunean, Tafalla Kulturguneak Nafarroako Inextremis Teatro taldearen “El mundo está roto,, pero se puede caminar” lana jasoko du: Harkaitz Canoren lana da, Fernando Bernuésen zuzendaritzapean, eta Iratxe García Urizek, Leire Ruizek eta Txori García Urizek antzeztuta. Ostegunean (uztailaren 25a), De Improviso talde nafarrak “Convergencia” aurkeztuko du Pitillaseko elizan, kaleko antzerki inprobisatuaren eta zuzeneko musikako proposamen bat. Egun horretan bertan, kale-antzerkia programatu da “Kamchàtka” konpainiarekin; antzerkiaren, jolasaren eta bizitzaren arteko mugak hausten dituen inprobisazio-ikuskizuna. Jardunaldia Teobaldoen Plazan amaituko da, La Banda teatro zirkuko “Yûgen” lanarekin; zirkuan, antzerkian eta musikan barrena egindako bidaia emozionala.
25. URTEURRENEKO EKITALDI-ZIKLOA
Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 25 edizioak direla-eta, hainbat ekitaldi programatu dira, hiru helbururi erantzuteko: Jaialdian parte hartzen duten lanbideen aintzatespena, Arte Eszenikoen jaialdi baten inguruko profil edo lanbide desberdinak ikusarazteko; Erriberrik eta bertako herritarrek Jaialdian duten rola aitortzea; eta Erriberriko Antzerki Jaialdia eta emakumeak, jaialdi horren historian emakumeek izan duten eta duten presentzia garrantzitsua nabarmentzeko.
Jarduera horiek bihar (uztailaren 19a, ostirala) hasiko dira, uztailaren 19tik abuztuaren 4ra bitartean programatutako hiru erakusketak inauguratzen direnean. Erakusketa horietako bi argazkiak dira, Villar Lópezek —EFE agentziako argazkilaria— komisariatuta, eta Erriberriko Fotoberri elkartearen laguntza dute: “Erriberriko Jaialdia objektiboan” Karlos III.a Noblearen plazan egonen da; “Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 25. urteurrena”, Erriberriko Kultur Etxean. Ikusgai 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20: 00etara, astelehenetik ostiralera, eta 17:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeetan. Horrez gain, Erriberriko 25 Antzerki Jaialdien kartel-erakusketa jarri da ikusgai Karlos III.a Nobleko, San Frantzisko kaleko eta Kale Nagusiko etxeetako balkoietan.
Bestalde, igande honetan (uztailaren 21a), Erriberriko Karlos III.aren plazan, 25. urteurrena ospatzeko gala eginen da 20:00etan.
25 urte horien ospakizunean hiru mahai-inguru ere eginen dira; sarrera librea izanen da arekoa bete arte. Mahai-inguru horien edukia grabatu eginen da hiru podcast editatzeko. Uztailaren 24an (asteazkena), Reyna de Copas establezimenduan “Erriberriko Antzerki Jaialdia eta emakumeak” izeneko mahai-ingurua eginen da, Erriberriko jaialdiaren historian emakumeek hainbat roletan izan duten eta duten presentziari balioa emateko. Tefi de Paz artista izanen da moderatzailea eta honako hauek esku hartuko dute: Ane Pikaza eta Maria Goirizelaia, jaialdiko zuzendariak; Marisol Martínez Caspe, Nafarroako Gobernuko Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua; eta Maite Garbayo, Erriberriko aurreko alkatea. Uztailaren 27an (larunbata), 12:00etan, Done Petriko Klaustroan “Ogibideak Erriberriko Antzerki Jaialdian” izeneko mahai-ingurua eginen da, jaialdi baten inguruko profilak edo lanbideak ikusarazteko programatua, batez ere egunerokoan protagonista ez direnak. Andres Garcia de la Riva kazetaria izanen da mahai-inguruaren moderatzailea. Bertan esku hartuko dute Ana Oliveirak (kulturaren arloan kazetari aditua), Marta Juanizek (aktorea), jaialdiko ekoizpen-laneko ordezkari batek eta Rodrigo Perez “Txisti”k (argazkilaria). Halaber, abuztuaren 3an (larunbata), 12:00etan, Enozentrumek “Erriberri eta Erriberriko Antzerki Jaialdia” izenburupean mahai-ingurua eginen da; horretan, Erriberrik eta bertako herritarrek ahotsa izanen dute. Iker Bengotxeak, Nafarroako Arte Eszenikoen Zirkuituko kudeatzaileak, eta Lorenzo García Echegoyenek, Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintzako Zerbitzuko zuzendariak, moderatuko dute mahai-ingurua. Bertan parte hartuko dute Mari Carmen Ochoak (Erriberriko alkate ohia), Rosi Domingosek (Erriberriko zinegotzia), Mari Villabonak (‘Los Cadalzos de Olite’ antzerki- talde afizionatuko kidea) eta Carlos García (‘18 de Abril’ landa-ostatuko kidea).
SARREREN SALMENTA
Sarrerak online eros daitezke www.festivalteatroolite.es eta www.fundacionbaluarte.com webguneetan. Aurrez aurre, Baluarteko leihatilan jaso ahal izanen dira, abuztuaren 4ra arte, 11:00etatik 14:00etara, astelehenetik larunbatera.
Halaber, sarrerak La Morea merkataritza-gunean erosi ahal izanen dira; berau zabalik egonen da asteko egun guztietan (igandeetan eta jaiegunetan izan ezik) 9:30etik 21:30era, ordutegi jarraituan.
Erriberrin, jaialdian zehar eskuratu ahal izanen dira Enozentrum-en (Teobaldoen plaza, 4 - Erriberri), 17:00etatik 19:00etara ostiraletan, 10:00etatik 14:00etara larunbat eta igandeetan, eta 19:00etatik 22:00etara ikuskizun egunetan.
Erriberriko Kultur Etxearen kasuan, non “Entrañas” lana programatu den, sarrerak (3na euro) Udalaren webgunean (www.olite.es) eta 948 012 012 telefonoan eros daitezke. Eta Erriberriko Kultur Etxeko leihatilan, antzezpenaren egunean bertan.
Tafallako Kultur Etxean programatu diren obretarako sarrerak Tafalla Kulturguneko leihatilan eta online salduko dira. “El mundo está roto” eta “104 Haurra” obretarako sarrerek 3na € balio dute, eta “Together to get there” obrarakoek 8na €.
Erriberriko Errege Jauregian, Frantziskotarren Elizan eta Ezpeleta Jauregian sarrera librea da, lekua bete arte eta Erriberriko ikuskizunetarako eta Beireko Ezpeleta jauregiko ikuskizunerako gonbidapenak Enozentrumeko leihatilan jasota.
La Cavan programatutako ikuskizunetarako leihatilako eta online sarreren prezioa 20na € da (12na € gazte-txartelarekin). La Cavako 10 emanaldietarako abonu osoak 175 € balio du (80 € gazte-txartelarekin). La Cavan hiru emanalditarako abonuak aukeran (edozein egunetan) 55 € balio du (28 € gazte-txartelarekin).
Horiez gain, Erriberriko Antzerki Jaialdiak zortzi eserleku erreserbatu ditu La Cavako emanaldi bakoitzeko, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat. Leku horietan interesa dutenek Baluarteko eta Erriberriko leihatiletan erosi beharko dute sarrera, edo 948 066 060 telefonora deitutan (gehienez bi leku erosketa bakoitzeko).
“Moríos”, “Mal de coraçon” eta “Macho grita” lanetarako emanaldiek ikusmen- eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonentzat egokiturik daude. Honako zerbitzu hauek izanen dituzte: azpititulu egokituak, audio-deskribapena, begizta magnetiko indibiduala eta soinu anplifikatua aurikularrekin.