Erriberriko hogeita laugarren Antzerki Jaialdia uztailaren 21etik abuztuaren 6ra bitartean eginen da, musika, dantza, zirku eta antzerkia bilduko dituen diziplina anitzeko programazioarekin. Jaialdiaren programazioaren barnean artista gazteak eta artista kontsolidatuak elkartuko dira, Nafarroako konpainien ordezkaritza zabal batekin batera.
Erriberriko Jaialdiak, guztira, 39 emanaldi eta 22 ikuskizun programatu antolatu ditu. Horietatik 13 emakumeek sortu, idatzi edo zuzendu dituzte. Horietatik zortzi Nafarroako konpainietakoak dira, bi nazioartekoak, bat inklusiboa eta bat euskaraz. Oraingoan, programazioa Tafallara, Beirera eta, lehen aldiz, San Martin Unxera zabalduko da. Zuzeneko ikuskizun horiez gain, Erriberrik bi sormen-egoitza, hiru prestakuntza-lantegi eta hiru topaketa jasoko ditu artistekin eta kazetariekin, baita Nafarroako konpainiekin ere.
Lehiaketak espazio berriak ere izanen ditu; besteak beste, Errege Jauregiko sarrerako patioa eta Erriberriko La Rueda plaza, edo Beireko Udaletxeko plaza, horiek gehituko zaizkie La Cavari, Erriberriko Jauregiari, Enozentrumi (lehen Turismo Bulegoa - Ardo Museoa esaten zitzaion), Teobaldoen plazari, Karlos III.a Noblearen plazari, Erriberriko Kultur Etxeari, Frantziskotarren Eskola Zaharrei, Tafalla Kulturgunea Kultur Etxeari eta Beireko Ezpeleta Jauregiari. Horrela, jaialdia Nafarroako lurraldera zabaltzearen aldeko apustuari eusten zaio.
Sarrerak ekainaren 9an jarriko dira salgai.
“Jaialdi garaikidea, askotarikoa eta anitza”
Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak, Ane Pikaza eta Maria Goiricelaya lehiaketako arte-zuzendariek, eta Lorenzo Garcia Echegoyen Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu dute Baluarten, gaur goizean, Erriberriko 24. Jaialdiaren programazioa.
Esnaolak azpimarratu duenez, “jaialdia askotarikoa da formatu, estilo, pertsonaia, hizkuntza eta espazioei dagokienez, eta espero dugu modu batera edo bestera nafar herritarrek eta uztailean bisitan etorriko direnek aukera bat izanen dutela kulturaz gozatzeko”, eta adierazi du, halaber, “programazio-proposamena garaikidea dela, anitza, sorkuntzaren joera guztiak bere baitan jasotzen dituena, eta emakumeen eragina nabarmen balioesten duela”.
Pikazak eta Goiricelayak aurtengo programazioa aletu dute. Haien hitzetan “belaunaldi guztiei, publiko guztiei eta gure mundua astintzen duten arazo guztiei begiratzen die. Nafarroako eszena zaintzen eta bultzatzen duen jaialdia, Espainiako zein nazioarteko jaialdi handien arteko bide temati eta ausartari jarraitzen diena. Berdintasuna sustatu eta inklusioa besarkatzen duen jaialdi parekidea eta feminista, normaltasunetik desberdintasunaren balio artistikoa aldarrikatzen duena. Aniztasunaren eta askatasunaren etxea”.
Aurtengo kartelaren egileak, Marisa Mantxolak, ez du modu presentzialean parte hartu jaialdiaren aurkezpenean, baina bideo bat proiektatu da, non artistak azaltzen duen “collagearen teknikarekin egindako ilustrazioa antzerkiaren agertokian inspiratuta dagoela, obraren eta publikoaren arteko topaleku eta topagune gisa. Espazio horrek antzezpena eraikitzen parte hartzen duten pertsona guztien lana biltzen du, aurrean daudenak eta atzean daudenak, elkarrekin eta helburu berarekin lan egiten duten lankideak”.
La Cava agertokia
Aurten 12 ikuskizun programatu dira La Cavan; emanaldi horiek guztiak 22:00etan izanen dira.
Erriberriko Jaialdiko agertoki nagusiko lehen hitzordua uztailaren 21ean (ostirala) izanen da, Lydia Cachoren “La infamia” ikuskizunarekin, Teatro Español eta Come y Calla produkzioen ekoizpena, José Martret-en zuzendaritzapean eta Marina Salas-ek interpretatuta. Azken horrek aktore onenaren MAX ex aequo saria jaso berri du. Uztailaren 22an (larunbata) Alessandra García konpainiak “Mujer en cinta de correr sobre fondo negro” lana aurkeztuko du, 2022 errebelazio-ikuskizunaren MAX sariduna. Uztailaren 23an (igandea), Cross Border-en “Casa” lana emanen dute, Lucia Mirandaren zuzendaritzapean eta dramaturgiarekin.
Jarduera uztailaren 26an (asteazkena) itzuliko da La Cavara, Iluna Producciones konpainiaren “Persefone” lanarekin, Miguel Goikoetxandia egile eta zuzendariarena. Hurrengo egunean, hilaren 27an (osteguna) Jon Iraizoz nafarraren “Simulacro” lana antzeztuko dute, La Caja Flotante-k ekoitzia, jaialdiaren aurreko edizioko egoitzen barnean sortutako ikuskizuna.
Bigarren asteburua uztailaren 28an (ostirala) hasiko da, La Congregación Teatroren “Solo me acuerdo de eso” lanarekin. Egilea eta zuzendaria: Johan Velandia. Uztailaren 29an (larunbata), Teatro en Viloren “Man Up” programatu da. Zuzendaritza eta dramaturgia: Andrea Jiménez eta Noemi Rodriguez. Eta uztailaren 30ean (igandea), “El mar. Visión de unos niños que no lo han visto nunca”. Ekoizleak, egileak eta zuzendariak: Xavier Bobes eta Alberto Conejero.
Nafar antzerkia abuztuaren 3an (osteguna) itzuliko da La Cavara, Producciones Maestras-en “La malpagá” lanarekin. Zuzendaritza eta dramaturgia: Ana Maestrojuan.
Eta edizio honen azken zatian, abuztuaren 4an (ostirala), La Conquesta del Pol Sud kataluniar konpainiak “Claudia” aurkeztuko du. Dramaturgia eta zuzendaritza: Carles Fernández Giua. Abuztuaren 5ean (larunbata), Pentacion y Secuencia 3-k Miguel Delibesen “Las guerras de nuestros antepasados” lana emanen dute; lan horrekin Talía 2023 saria irabazi zuten. Zuzendaria: Claudio Tolcachir. Enterpretariak: Miguel Hermoso eta Carmelo Gómez. Edizio honetako oihala abuztuaren 6an (igandea) jaitsiko da La Cavan, Pont Flotant konpainiaren “Eclipse total” lanarekin, Antzerki Egile Onenaren MAX Sariduna. Dramaturgia eta zuzendaritza: Àlex Cantó, Joan Collado, Jesús Muñoz eta Pau Pons.
Erriberri esperientziak
Erriberri Esperientziek jaialdia bizitzera gonbidatzen dute, ohiko jokaespazioa herriko kaleetan zehar zabalduz.
Horrela, jaialdiari hasiera emanen dio Vero Cendoyaren “La Partida” lanak hilaren 21ean (ostirala). Ibilbide luzeko dantza eta futbol pieza bat da; bost dantzari, bost futbolari, futbol-zelai bat eta arbitro bat agertuko dira, arau propioak dituen partida berezi batean.
Hurrengo egunean, Qabalum taldeak “La medida que nos ha de dividir” dantza garaikideko lana aurkeztuko du, Nafarroako Gobernuaren DNA 2021en eta DNA 2022n egoiliar izan den nafar konpainia baten eskutik.
Hilaren 28an (ostirala), Lore More nafar konpainiaren “Trapu Zikinak” lana ikusi ahal izanen da Erriberriko Errege Jauregiko sarrerako patioan. Gerraosteari, adiskidetasunari, bidegabekeriari, maitasunari eta etorkizuneko desirei buruzko istorioa da, garbitzen aritzen diren hainbat emakumek kontatua.
Zanguango Teatrok “Al otro lado” (kaleko ikuskizun onenaren Max 2020 sariduna) aurkeztuko du hilaren 30ean (igandea), Teobaldoen Plazan, istorio erreal eta irudikatua, umorez eta konpainia horrek berezkoa duen ironiaz betea.
Erriberri Geltokiak
Olite Geltokiak izenburupean, herri horretatik ateratzen diren ikuskizunak jasotzen dira.
Estefanía de Paz “Olvido Flores. Las maravillas de Júpiter” lanarekin itzuliko da jaialdira. Gure historiako beste kapitulu ahaztu bat, kasu honetan Anastasini Zirkuko 50 artistaren konpainia batena, 1936an Lodosara iritsi eta arrastorik utzi gabe desagertu zena. Abuztuaren 2an, 3an, 4an eta 5ean ikusi ahal izanen da San Martin Unx, Beire, Tafalla eta Erriberrin.
“Exit Through the Gift Shop” lanean, Carla Rovirak mozorrotutako auto-fikzioa proposatzen du, hirugarren pertsonan kontatua. Tarregako jaialdian estreinatu zen. Bi emanaldi programatu dira, Tafalla Kulturgunean, 26an eta 27an, 19:30ean.
Kataluniako Col Lectiu Desasosiego konpainia gazteak “Un segundo bajo la arena” muntaia aurkeztuko du, aire zabaleko ikuskizuna, antzerkia eta zuzeneko musika nahasten dituena, Federico García Lorcaren “Bodas de sangre” (Odolezko ezteiak) lanean oinarrituta. 2022ko Kaleko Arteen estreinaldi onenaren FiraTàrregaren Moritz Saria jaso zuen eta Kritikaren Saria Novaveu kategorian. Lan hori bi emanalditan ikusi ahal izanen da, ostiralean (hilak 5) eta larunbatean (hilak 6), 20:00etan, Beireko Ezpeleta Jauregian.
Tanttaka Teatrok “Sexpiertos” lana ekarriko du, Ekoizpen Onenaren MAX Sariduna, Kepa Errasti eta Telmo Iruretarekin, Gizonezko Aktore Berri Onenaren Goya Sariaren irabazlea. Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, maitasuna, sexua, bakardadea eta aurreiritziak hizpide dituen istorio hau hilaren 29an ikusi ahal izanen da Tafalla Kulturgunean.
Maitane Azpiroz nafar sortzaileak zirkuko eta dantzako “Artxipielago” pieza bat ekarriko du, La Trapecionistaren ekoizpenarekin. Abuztuaren 2an izanen da ikusgai Tafalla Kulturgunean.
Lantegiak
Urte honetarako hiru lantegi programatu dira. Hiruetan 15 lagunentzako lekua dago eta izen-emateak programasydifusion@navarra.es helbide elektronikoaren bidez egin beharko dira. Lehenengo bi lantegien kostua 40 € da eta Carla Rovirarena 15 €. Prezioaren barnean klaseak sartzen dira bakarrik. Erriberrira joatea parte-hartzaileen kontura izanen da.
María Velascok “Desaprender a vivir. Aprender a contar” dramaturgia berrien lantegia emanen du Erriberriko Kultur Etxean, uztailaren 24, 25, 26, 27 eta 28an. Historia, obra edo performance berrietarako hazitegia, literaturan eta dramaturgian interesa dutenei zuzendua, haien esperientzia-maila edozein dela ere. Matrikularen prezioak Ion Iraizozen “Simulacro” ikuskizunerako sarrera hartzen du barne.
Antzerkia Vilo konpainiak Erriberriko Kultur Etxean “Haz que pase” lana emanen du uztailaren 28, 29 eta 30ean, proposamen eszeniko propio baterantz lehen urrats horiek ematen laguntzen duen lantegia. Matrikularen prezioak “Man up” ikuskizunerako sarrera hartzen du barne.
Bestalde, Carla Rovirak, “Autoficción utópica” lanean etorkizun utopiko posibleei buruzko autofikzio ariketa bat proposatuko du, 8 eta 18 urte bitarteko pertsonei zuzendua; horretan, parte-hartzaileek gailu eszeniko bat sortuko dute utopia helburu hartuta. Uztailaren 24, 25, 26, 27 eta 28an izanen da Frantziskotarren Eskola Zaharretan.
Topaketak
Erriberriko Antzerki Jaialdiak jendaurreko hainbat topaketa antolatu ditu aurten ere, edizio honetan programatutako konpainietako artistekin eta prentsa espezializatuko erreferentziazko kazetariekin. Topaketa horietan, Reyno Gourmet-ek aperitiboa emanen du. Sarrera dohainik izanen da leku guztiak bete arte.
Oraingo honetan, Machús Osinagak (RTVEko kazetaria, arte eszenikoetan aditua), Daniel Galindok (La Sala programaren zuzendaria, RNE) eta Raúl Losánezek (antzerki kritikaria, La Razónen) “La Infamia”-ko lantaldearekin hitz eginen dute larunbatean, hilak 22; eta hilaren 23an, igandea, Alessandra Garcíarekin (“Mujer en cinta de correr sobre fondo negro” lanaren egilea eta zuzendaria, eta 2022ko Ojo Crítico de Teatro sariduna).
Halaber, “Jasangarritasuna arte eszenikoetan: elkarrizketa irekia etxeko konponbideetarako” izeneko topaketa antolatu da Nafarroako konpainiekin. Solasaldi gidatua izanen da, Jemima Cano ekoizle eszeniko eta dantzan espezializatutako kultur kudeatzailearen eskutik. Bertan, kultura-egitura txikietatik egin daitezkeen benetako aldaketak azalduko dira, ingurumen-inpaktua mugatze aldera.
Arte egoitzak
Mikel Urrozen eta Lucia Ezkerraren “La Montaña – Mendia” eta Las Nenas Theatre-ren “Torcidas” izanen dira edizio honetan deitutako bi lan-egoitzak egiteko aukeratutako proposamenak. Egonaldi horiek uztailaren 21etik abuztuaren 6ra bitartean izanen dira, biak barne, Tafallan eta Beiren. Mikele Urrozek eta Lucía Ezkerrek, bi lan emanen dituzte: abuztuaren 1ean, 20:00etan, Tafallan; eta abuztuaren 3an, 20:00etan, Erriberrin. Bestalde, Las nenas Theatre taldeak bere lana erakutsiko du abuztuaren 2an, 20:00etan, Beiren; eta abuztuaren 4an, 20:00etan, Erriberrin.
Sarreren salmenta
Sarrerak bihar, ekainaren 9a, jarriko dira salgai. Honako helbide hauetan lor daitezke: www.festivalteatroolite.com eta www.baluarte.com. Halaber, aurrez aurre, Baluarteko leihatilan jaso ahal izanen dira, ekainaren 9tik uztailaren 5era, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, astelehenetik larunbatera. Uztailaren 6tik 16ra (biak barne) leihatila itxita egonen da. Uztailaren 17tik abuztuaren 5era bitartean, sarrerak 11:00etatik 14:00etara jaso ahal izanen dira, astelehenetik larunbatera.
Aurten, sarreren salmentaren berrikuntza gisa, La Morea merkataritza-gunean erosi ahal izanen dira; zabalik egonen da asteko egun guztietan (igandeetan eta jaiegunetan izan ezik) 09:30etik 21:30era, etenik gabeko ordutegian.
Erriberrin, ekainaren 9tik aurrera eskuratu ahal izanen dira, asteburuetan eta jaialdian zehar; Enozentrum-en (Teobaldoen plaza, 4 - Erriberri), 17:00etatik 19: 00etara ostiraletan, 10:00etatik 14:00etara larunbat eta igandeetan, eta 19:00etatik 22:00etara ikuskizun egunetan.
Tafalla Kulturgunean programatu diren obretarako sarrerak soilik Tafalla Kulturguneko leihatilan eta online salduko dira bihartik aitzin. Carla Roviraren “Exit through the gift shop” lanak 3 €-ko prezio bakarra du, eta “La Trapecionista”k eta “Sexpiertos”ek, berriz, 8 €-koa.
Beireko Ezpeleta Jauregian sarrera dohainik izanen da lekua bete arte.
La Cavan programatutako ikuskizunetarako leihatilako eta online sarreren prezioa 18 € da (10 € gazte-txartelarekin). La Cavako 12 emanaldietarako abonu osoak 190 € balio du (100 € gazte-txartelarekin). La Cavan hiru emanalditarako abonuak aukeran (edozein egunetan) 50 € balio du (25 € gazte-txartelarekin).
Horiez gain, Erriberriko Antzerki Jaialdiak zortzi eserleku erreserbatu ditu La Cavako emanaldi bakoitzeko, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat. Leku horietan interesa dutenek Baluarteko eta Erriberriko leihatiletan erosi beharko dute sarrera, edo 948 066 060 telefonora deitutan (gehienez bi leku erosketa bakoitzeko).