es | eu

2024KO uztailak 19tik abuztuak 4ra

Erriberriko Antzerki Jaialdiak zuzendaritza artistikoa estreinatu du programazio parekidearekin: 38 emanaldi, musika, dantza edo zirkua uztartuz

2022ko maiatzaren 15, igandea

Nafarroako La Caja Flotante eta Boga Boga konpainiak aukeratu dituzte Erriberrin eta Beiren bi lan-egoitza lantzeko.

Erriberriko hogeita hirugarren Antzerki Jaialdia uztailaren 15etik 31ra bitartean izanen da, zuzendaritza artistiko berri batekin. Lehenengoz bi emakumek osatuko dute: Ane Pikaza eta Maria Goiricelaya. Diziplina anitzeko programazio antolatu dute, musika, dantza eta zirkua uztartuz, antzerkiaz gain. 2022an egingo den jaialdiak, artista gazteak eta nazioko eta nazioarteko agertokietan izena duten artistak (Aitana Sánchez Gijón aktorea edo Cesar Brie zuzendaria, besteak beste) eta Nafarroako konpainia ugari elkartuko ditu, programazio baten inguruan. 

Erriberrik, guztira, 36 emanaldi eta 22 ikuskizun programatu antolatu ditu. Horietatik, 11 emakumeek sortu, idatzi edo zuzendu dituzte; bederatzi Nafarroako konpainienak dira, bi nazioartekoak (Bolivia eta Mexiko), bat inklusiboa eta bat euskarazkoa, familientzako. Gainera, jaialdiak bi arte-egoitza izanen ditu, bakoitza bi erakusketarekin, eta hainbat “Erriberri esperientziarekin”.

Halaber, Paco Gamez antzerkigileak “agertoki bat buruaren barruan. Antzerki-idazketarako laborategia” lantegia emanen du, eta artistekin, kazetariekin eta Nafarroako konpainiekin egingo diren topaketak mantenduko dira.

Lehiaketak gune berriak ere baditu; besteak beste, Erriberriko Ronda del Castillo (La Nevera) eta Tafallako Kondearen Parkea (La Cavari gehituko zaiona), Erriberriko Jauregia, Turismo Bulegoa-Ardoaren Museoa, Erriberriko Kultura Etxea, Carlos III.a Nafarroakoaren plaza, Ezpeleta Jauregia, Beireko Kultura Etxea eta Tafalla Kulturgunea.

Sarrera bihar, maiatzaren 18an jarriko dira salgai.

“JAIALDIAK HAZTEN JARRAITZEN DU”

Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak; Ane Pikaza eta Maria Goiricelaya sariketako arte-zuzendariek; Oier Zuñiga kartelaren diseinatzaileak; eta Lorenzo Garcia Echegoyen Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariak, aurkeztu dute Baluarten, gaur goizean, Erriberriko 23. Antzerki Jaialdiaren programazioa.

Esnaolak nabarmendu duenez, “gure iritziz jaialdiak hazten jarraitzen du zuzendari berriei esker, berezko zerizana galdu gabe, gizarte, bitartekaritza eta parte-hartze alderdietan”. Halaber, esan duenez jaialdiak “programazio garaikidea, anitza eta askotarikoa du, sorkuntzaren joera guztiak barne hartzen dituena, tradizionala ahaztu gabe”. Kontseilariaren iritziz, “Erriberrik Nafarroako jokaespazioaren ekoizpena eta sorkuntza sustatzeko ere balio nahi du, aukera baitu munduari arte eszenikoen inguruko bere ikuspegi garaikidea erakusteko, bai obren bidez, bai beste jarduera batzuen bidez; gainera, arte-egoitzak garatzeko aukerari esker, esperimentaziorako eta gogoetarako gune bat izateko abagunea du”.

Pikazak eta Goiricelayak aurtengo programazioa aletu dute. Haien hitzetan “belaunaldi guztiei, publiko guztiei eta gure mundua astintzen duten arazo guztiei begiratzen die. Ezberdintasun bat ekarri nahi dugu, Nafarroako agertokia bultzatuz eta Erriberri jaialdi handien artean kokatuz, bai Estatu mailan bai nazioartean. Bere egitura osoa jokaespazio paritario eta feminista bihurtuz, berdintasuna sustatuz eta inklusioa besarkatuz, desberdintasunaren arte-balioa normaltasunetik aldarrikatuz.

Zuñigak azaldu duenez, bere kartelean “antzezle bat ageri da banbalina artean agertokira igo aurretik, geroko minutu magiko horiek, foku bat piztu eta dena hasten denean. Dena mugitzen duen argi-sorta bat, barrutik eta kanporantz. Ilusioa zirrara bihurtuta”.

Bestalde, Lorenzo Garciak emanaldien ordutegiak eta espazioak gogoratu ditu, eta sarreren salmentaren berri eman du.

 

LA CAVA AGERTOKIA

La Cavako lehenengo emanaldia uztailaren 15ean (ostirala) izanen da, “La panadera” ikuskizunarekin; Sandra Ferrusek idatzi, zuzendu eta protagonista duen lana da, Centro Dramático Nacional, El Silencio Teatroa eta Iria Produccionesen baterako ekoizpena. Hurrengo egunean, “Winnipeg, Nerudaren itsasontzia” antzeztuko da, Puça Espectacles, La Jarra Azul eta Bartzelonako GREC 2020 Jaialdiaren koprodukzioa, Laura Martelek idatzia eta Norbert Martínezek zuzendua. Igandean, hilaren 17an, Hika Teatroak, Arriaga Antzokiarekin baterako produkzioan, Josi Alvaradoren “la Tarara” lana aurkeztuko du Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean.

Jarduera La Cavara itzuliko da hilaren 19an, asteartean, “La casa cuartel de Bernarda Alba” lanarekin, Nafarroako Cardo Producciones konpainiaren ekoizpena, Fermin Cariñenaren zuzendaritzapean. Uztailaren 20an (asteazkenean), Producciones Maestras-ek “Mentiras cotidianas” izeneko lana aurkeztuko du, Ana Maestrojuánen antzerkigilearekin eta haren zuzendaritzapean. Hurrengo egunean “El rey tuerto” lanaren txanda izanen da, InExtremis eta Tanttakaren ekoizpena. Marc Crehuet-en testua eta Fernando Bernués-en zuzendaritza.

Bigarren asteburua uztailaren 22an (ostirala) hasiko da, “Para acabar con Eddy Bellegueule” lanarekin; Fundación Teatro Joven-en ekoizpena da, Pamela Carter-en testua du eta Jose Luis Arellano Garcia du zuzendari. Uztailaren 23an (larunbata), Boliviako Teatro de Los Andes konpainiak “En un sol amarillo” lana antzeztuko du, Cesar Briek idatzi eta zuzendutakoa. Eta uztailaren 24an (igandea), Teatro en Vilo taldeak “Hoy puede ser mi gran noche” lana antzeztuko du; Noemi Rodriguezen testua du eta Andrea Jimenezen zuzendaritza.

Antzerkia La Cavara itzuliko da uztailaren 26an (asteartea), Nafarroako beste proposamen batekin, “La vida vivida y por vivir”; Nafarroako Unibertsitate Museoaren ekoizpena, Jose Manuel Garrido egile duena, eta zuzendaria, berriz, Pepe Galera. Hurrengo egunean, dantza izanen da protagonista, “Los perros” lanarekin; Led Silhouette eta “La Veronal”en zuzendari Marcos Morau-ren ekoizpena da, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren DNA programaren eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren INNOVA Kulturalaren laguntzarekin.

Eta edizio honen azken zatian, uztailaren 29n (ostirala), Kataluniako La Calòrica konpainiak “Las aves” lana aurkeztuko du, Joan Yagok idatzi eta Israel Solàk zuzendutako lana. Uztailaren 30ean (larunbata), Galiziako A Panaderia eta Centro Dramático Nacional-ek “Las que limpian” lana antzeztuko dute, Areta Boladok, Noelia Castrok eta Ailen Kendelmanek idatzi eta zuzendutako lana. Jaialdiaren itxiera uztailaren 31n (igandea) izanen da La Cavan, “Malvivir” lanarekin, Yayo Caceresek zuzendutako eta Aitana Sánchez-Gijón, Marta Poveda eta Bruno Tambascio protagonista dituen “Ay Teatro”ren ekoizpena.

La Cavako emanaldi guztiak 20:00etan izanen dira. 
 

BESTE JOKAESPAZIO BATZUK

Erriberriko Karlos III.a Nafarroakoaren plazan inauguratuko da aurtengo jaialdia, uztailaren 15ean (ostirala), 20:00etan. “Marabunta” familia giroko antzerki-ikuskizunak emanen dio hasiera: Kataluniako Guillem Albà & La Marabuntaren ekoizpena, Guillem Albá egilearen zuzendaritzapean.

Tafalla Kulturguneak jasoko du uztailaren 16an (larunbata), 19:00etan, “Ilargiaren atzean” ikuskizuna; familian gozatzeko antzerkia izanen da, euskaraz, ‘MalasPulgas Teatro’ konpainia nafarraren ekoizpena, Maialen Diazek idatzia eta Virginia Cervera zuzendari duela. Gainera, uztailaren 29an, 19:30ean, Andaluziako Antonio Zafra konpainiak Pablo Bujalancek William Shakespeareren obratik abiatuta sortu eta zuzendutako “Lear!” antzezlan inklusiboa emanen du.

Estefanía de Paz Asin artista nafarrak Remigia Etxarren, Argako erreginari buruzko “La Reina del Arga” ikuskizuna emanen du. Lanak hainbat arte, teknika eta arte-lengoaia uztartzen ditu; besteak beste, narrazioa, interpretazioa, objektuen antzerkia, ilusionismoa, arte plastikoak, arkakusoen zirkua, clowna eta zirkua. De Pazek hiru saiotan antzeztuko du lan hori: uztailaren 24an (igandea), 19:30ean, Tafallako Kondearen Parkean; uztailaren 28an (osteguna), 19:30ean, Beireko Ezpeleta Jauregian; eta uztailaren 30ean (larunbata), 19:30ean Erriberriko Ronda del Castillon (La Nevera).

Mexikotik eta Nafarroatik “La melancolía del turista” lana iritsiko zaigu, 42 ikuslerentzako objektu dokumentalen antzerki-proposamen bat. Ikusleek “antzerkitxo-film” bat ikusiko dute; asmakizun poetikoak jostailu guztiak bizirik zeuden unera eramanen gaitu bat-batean. Oligor eta Mikroskopiaren ekoizpen hau, Shaday Larios eta Jomi Oligorrek sortu eta interpretatua, Erriberriko Jauregiko Arku Aretoan ikusi ahal izanen da uztailaren 28, 29, 30 eta 31n, 18:00etan.
 

ESPERIENTZIAK

Edizio honetako berritasun gisa, hainbat “Erriberri esperientzia” programatu dira, eta horien bidez jaialdia ohiko jokaespazioa zabalduz bizitzeko gonbidapena eginen da. “Quijotes y Sanchos” lanarekin, Los números imaginarios, Bella Batalla eta Teatro de La Abadia konpainiek, Carlos Tuñónen zuzendaritzapean, walkman batekin ibilbide audiogiatua proposatuko dute, Erriberriko kaleetan murgildutako esperientzia batean. Ikusleek munduari begiratu ahal izanen diote Kixoteren edo Santxoren begiekin. Jarduera hori uztailaren 19, 20, 21, 22, 23 eta 24an errepikatuko da 12:00 eta 18: 00etako saioetan, Erriberriko Ardoaren Museoan dagoen Turismo Bulegotik abiatuta.

“Mañana” izeneko lanean, 2021eko Zirkuko Sari Nazionala jaso zuen Manolo Alcantara artista katalanak arku erraldoi abt eraikiko du kutxa astunez, ahalik eta indarrik gutxien erabiliz eta teknologia prekarioa eta zaharra, denboraz kanpokoa, erabiliz. Uztailaren 22an (ostirala) izanen da, 19:00etan, Erriberriko Teobaldoen plazan.

Katanga Dub nafarrek, “Mariposa negra” musika-ikuskizuna emanen dute uztailaren 24an, 13:00etan, Erriberriko Santa Maria elizpean, cumbia, bullerengue, funk, musika elektronikoa, dantza, narrazio eta performance nahasten dituen koktela.
 

ARTE EGOITZAK

Nafarroako La Caja Flotante eta Boga Boga konpainiak aukeratu dituzten aurten deitutako bi lan-egoitzak garatzeko. Egonaldi horiek uztailaren 15etik 31ra bitartean izanen dira, biak barne. La Caja Flotanteri dagoionez, Erriberrin lan eginen du, “Callados peces que habitáis en el agua” proiektuarekin, eta bi erakusketa eginen ditu: uztailaren 28an, 19:00etan, Tafallan; eta uztailaren 29an, 20:00etan, Erriberrin. 

Boga Boga konpainiak, bestalde, Beiren eginen du lan “Llueven vacas” obrarekin. Erakusketak uztailaren 28an izanen da, 19:00etan, Erriberrin; eta uztailaren 30ean, 19:00etan, Beiren.
 

TOPAKETAK ARTISTEKIN ETA PRENTSAREKIN

Erriberriko Antzerki Jaialdiak hainbat topaketa antolatu ditu Ardoaren Museoan 13:00etan, edizio honetan programatutako artistekin eta erreferentziazko kazetariekin.

Machus Osinaga (RTVEko kazetaria, arte eszenikoetan aditua) eta Daniel Galindo (RNEko La Sala saioaren zuzendaria) larunbatean (hilak 16) solasean arituko dira “Winnipeg, el barco de Neruda”ko lantaldearekin. Uztailaren 17an (igandea), Osinaga eta Galindo, Raul Losanezekin batera (antzerki-kritikaria La Razón-en) solasean jardungo dira Agurtzane Intxaurragarekin (“La Tarara”) eta Sandrá Ferrusekin (2022an “la Panadera” lanagatik Max Sarietarako hautagaia): errebelazio egile onena eta emakumezko aktore onena.

Eta jaialdiaren azken egunean, uztailaren 31n (igandea), Ana Artajo-k (antzerki-kritikaria eta antzerkigilea) eta Nerea Alejos-ek (Diario de Navarra-ko kazetaria) topaketa bat izanen dute aurten parte hartuko duten konpainia nafarrekin.

Hiru topaketetan aperitiboa izanen da Reyno Gourmeten eskutik. Sarrera dohainik izanen da leku guztiak bete arte. 
 

ANTZERKIGINTZAKO LANTEGIA

Paco Gamez antzerkigile, aktore, zuzendari eta irakasleak antzerkigintzako lantegia emanen du: “Un escenario dentro de la cabeza. Laboratorio de escritura teatral” izenburupean. Lope de Vega 2021 Sariaren eta iaz Espainiako Antzokiaren Nazioarteko II. Komedia Lehiaketaren irabazlea, astebetean antzezlan bat idaztea proposatuko die Gamezek bertaratutakoei. Antzerkigintza askatasunetik eta autoepaiketarik gabe landuko da, blokeo geldiarazleak saihesten saiatuz. Eta antzerki-idazketaren sortze-prozesuaren faseak landuko dira, abiapuntutik hasi eta pieza erakusteraino. Gamezek berak azaltzen duen bezala, “izan dadila antzerkigintza berrien lantegi hau Frankenstein dramaturgikoen laborategi bat, erabili eta botatzeko materialena, baina baita proiektu posible eta desiratuena ere”.

Lantegia uztailaren 18, 19, 20, 21 eta 22an egingo da, 11:00etatik 14:00etara, Erriberriko Kultura Etxean. Antzezle profesionalei, zuzendariei eta antzerkigileei bideratuta dago. Lantegietan gehienez ere 15 lagunek har dezakete parte. Kostua 40 € da. Matrikularen prezioaren barruan eskola-orduak bakarrik sartzen dira; Erriberrira joatea parte-hartzaileen kontura izanen da. Gainera, uztailaren 22an La Cavan emanen den “Para acabar con Eddy Bellenguele” ikuskizunerako sarrera ere prezioaren barne izanen da.

Izen-emateak programasydifusion@navarra.es helbide elektronikoaren bidez eginen dira.
 

SARREREN SALMENTA

Sarrak bihartik aurrera (maiatzaren 18a) egonen dira salgai. Honako helbide hauetan lor daitezke: www.festivalteatroolite.com eta www.baluarte.com. Halaber, aurrez aurre, Baluarteko leihatilan jaso ahal izanen dira, maiatzaren 18tik uztailaren 5era, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, astelehenetik larunbatera. Uztailaren 18tik 31ra bitartean, sarrerak 11:00etatik 14:00etara jaso ahal izanen dira, astelehenetik larunbatera. Uztailaren 6tik 17ra (biak barne) leihatila itxita egonen da.

Erriberriko Turismo Bulegoa-Ardoaren Museoko leihatila (Teobaldoen plaza, 4) maiatzaren 18tik aurrera asteburuetan egonen da zabalik. Jaialdian zehar, zabalik egonen da 17:00etatik 19:00etara ostiraletan, 10:00etatik 14:00etara larunbat eta igandeetan, eta 19:00etatik 22:00etara ikuskizun-egunetan.

Tafalla Kulturgunean programatu diren obretarako sarrerak soilik Tafalla Kulturguneko leihatilan eta online (https://es.patronbase.com/_Tafalla/Productions) salduko dira maiatzaren 18tik aitzin. “Ilargiaren Atzean” lanak 3 €-ko prezio bakarra du, eta “Lear” lanak 8 €-koa.

La Cavan programatutako ikuskizunetarako leihatilako eta online sarreren prezioa 18 €-koa da (10 €-koa gazte-txartelarekin). La Cavako 14 emanaldietarako abonu osoak 190 € balio du (100 € gazte-txartelarekin). La Cavan hiru emanalditarako abonuak aukeran (edozein egunetan) 50 € balio du (25 € gazte-txartelarekin). Familientzako ikuskizunak (Arkuen Aretoan) 8 €-ko prezioa du Erriberriko Jauregiko Arkuen Aretoan (4 € gazte-txartelarekin).

Beireko Ezpeleta Jauregian izanen diren ikuskizunetarako sarrera dohainik izanen da lekua bete arte.

Horiez gain, Erriberriko Antzerki Jaialdiak zortzi eserleku erreserbatu ditu La Cavako emanaldi bakoitzeko, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat. Leku horietan interesa dutenek Baluarteko eta Erriberriko leihatiletan erosi beharko dute sarrera, edo 948 066 060 telefonora deitutan (gehienez bi leku erosketa bakoitzeko).

Erriberriko Antzerki Jaialdiak zuzendaritza artistikoa estreinatu du programazio parekidearekin: 38 emanaldi, musika, dantza edo zirkua uztartuz

Zerrendara itzuli

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

Nafarroako Gobernua
fundacion_baluarte
Cultura - Kultura

LAGUNTZAILEAK

Erriberriko Udala
Tafallako Udala
Beireko Udala
San Martin Unxeko Udala
Pitillasko Udala

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.