es | eu

2024KO uztailak 19tik abuztuak 4ra

Erriberriko Antzerki Jaialdiak Tafallan programatu du Arte Dramatikoko Goi Eskolen Topaketa

2019ko uztailaren 24, asteazkena

Leongo Arte Dramatikoko Goi Eskolaren eta Lisboako Antzerki eta Zinemako Goi Eskolaren hiru estreinaldiak.

Erriberriko Antzerki Jaialdiak Arte Dramatikoko Goi Eskolen Topaketaren beste edizio bat abiaraziko du aste honetan. Tafalla Kulturgunean taularatuko dira hitzorduan parte hartuko duten hiru ikastetxeen ikasketa bukaerako lanak. Horrela, Nafarroako Antzerki Eskolak “Gracias a la vida” antzezlana aurkeztu zuen atzo, asteartea, uztailak 23; Gaztela eta Leongo Arte Dramatikoko Goi Eskolak gaur arratsaldean estreinatuko du “Las bodas de Olmedo"; eta ostegunean, hilak 25, Lisboako Antzerki eta Zinemako Goi Eskolak William Shakespeareren “Mucho ruido y pocas nueces” antzeztuko du.

Hiru ikuskizunak 20:00etan hasten dira eta sarrerak 6 euroko prezioak erosten ahal dira Tafallako Kulturgunean eta online, jaialdiaren webgunearen bitartez (www.oliteteatrofestival.com).

Topaketa gaur goizean aurkeztu dute Kulturako zuzendari nagusi Dori López Juríok eta Erriberriko Antzerki Jaialdiko zuzendari artistiko Luis Jiménezek. Ekitaldian izan dira, halaber, Tafallako alkate Jesús Arrizubieta, Kulturako zinegotzi Xabier Alcuaz eta parte hartuko duten konpainien ordezkariak.

Nafarroako Antzerki Eskola

Nafarroako Antzerki Eskolak Angélica Lidellen “Gracias a la vida” antzezlana aurkeztu zuen atzo. Garai guztietako galderei aurre egiten dien muntaia da: Zertarako gaude bizirik? Zergatik jaio gara hemen eta ez beste inon? Zerk edo nork paratu gaitu hemen? Ba al dago deus harantzago? Non gaude jaio baino lehen?, etab. Hala ere, umorea, kolorea eta alaitasunaren ikuspegitik egiten du, izan ere, gauza batetaz ziur daude lanaren egileak: “ongi pasatzeko gaude hemen”. Dirigido por Rubén Hernándezek zuzendutako “Gracias a la vida” ikuskizunean lan egin dute Jon Aldaya, Ilunber Aiestaran, Andrea Laquidain, Estefanía de Paz eta Julio César T.L. antzezleek eta 75 minutuko iraupena du.

Gaztela eta Leongo Arte Dramatikoko Goi Eskola

Federico García Lorcaren “Bodas de sangre” eta Lope de Vegaren “El caballero de Olmedo”, espainiar antzerkiaren nortasunaren funtsezko antzezlanak, inspirazio iturri bihurtu dira Gaztela eta Leongo Arte Dramatikoko Goi Eskolako ikasleendako “Las bodas de Olmedo” deritzon ikasketa bukaerako lana prestatzeko, bi antzezlanak elkarrekin solasean jarriz eta gero egungo garaira begira paratuz.

Pepa Pedroche zuzendari duen muntaia hau Javier Hernandok sortutakoa da, eta bertan lan egiten dute Cristina Rodríguez, Analía González Gámez, Sara Ruiz, Pedro Endolz, David Gómez, Alicia Vermell, Silvia Pelayo, Daniel de la Hoz, Javier Cascón eta Laura Cocho antzezleek. “Las bodas de Olmedo” ikuskizunak 90 minutuko iraupena du.

Lisboako Antzerki eta Zinemako Goi Eskola

Lisboako Antzerki eta Zinemako Goi Eskolak William Shakespeareren komedia erromantikorik handienetakotzat jotzen den “Mucho ruido y pocas nueces” antzezlanaren bertsio hau aurkeztuko du Tonán Quito antzezle eta zuzendariaren batutapean, kaosaren ondoko maitasuna ospatzeko. Ikuskizunean, pertsonaiek elkarrekin topo egin, eztabaidatu, elkar gorrotatu eta elkar maitatuko dute, amodioa, engainua, adiskidantza eta nahigabeak nagusi dituen jolas jostagarrian.

Hauexek izanen dira antzezleak: António Palma, Beatriz Teodósio, Carolina Gomes, Catarina Couto Sousa, Cristiana Lima, Fil Coli, Francesc Romeu, Francisco Pereira de Almeida, Gonçalo Rios, Hugo Teles, Inês Loureiro, José Diogo Dias, Margarida Gameiro, Miguel Ferreira Vidal, Nadezhda Bocharova eta Sara Alexandra. Obrak 120 minutuko iraupena du.

Bestelako ikuskizunak

Arte Dramatikoko Goi Eskolen Topaketari atxikitako estreinaldi hauez gain, Jaialdiaren programazioak aurrera jarraituko Erriberriko zenbait txokotan. Horrela, La Cavan, asteazken honetan, Producciones Maestras nafar konpainiaren “Loco desatino” izanen da ikusgai, Ana Maestrojuánek taxutu eta zuzendua eta Ana Goya eta Ángel García Moneo antzezleak tarteko dituena. Bihar, osteguna, Nafarroako beste konpainia bat izanen da oholtza gainean, R. M. Management, Raúl Madinabeitiak sortu, Jesús Arbuések taxutu eta zuzendu eta Adriana Calvo protagonista duen “Margaritas de Margarita” lanarekin.

Ostegunean, Portugaleko Companhia Do Chapitô taldearen txanda izanen da, Cláudia Nóvoa eta José Carlos Garciak zuzendu eta Jorge Cruz, Susana Nunes eta Tiago Viegas antzezleak tarteko dituen “Electra” ikuskizunarekin.

Asteburuan, antzerki garaikidea izanen da nagusi. Larunbatean, Histrión Teatro taldeak “Lorca, la correspondencia personal” antzeztuko du La Cavan, Juan Carlos Rubiok taxutu eta zuzendua eta Gema Matarranz eta Alejandro Vera antzezleak tarteko dituena.

Igandeko protagonista Alfredo Sanzol dramaturgo nafarra izanen da, Zentro Dramatiko Nazionaleko zuzendari berria, izan ere, 12:00etatik aurrera, Rosana Torres antzerki-kritikariarekin agertuko da Erriberriko Paradorean, eta gauean, La Cavan, La Zona taldearen “La valentía” lana aurkeztuko du Jesús Barranco, Francesco Carril, Vanessa Espín, Estefanía de los Santos, Font García eta Natalia Huarte antzezleekin.

La Cavatik kanpo, Errege Jauregian, bi funtziotan jarriko dute ikusgai Viridiana taldearen “Amor oscuro” delakoa, Jesús Arbuések zuzendu eta Javier García Ortegak antzeztua. Larunbatean, hilak 27, Bagoa Producciones taldeak “Calígula debe morir” taularatuko du, Mabel del Pozok eta Xoel Fernándezek taxutu eta zuzendua eta Xoel Fernándezek antzeztua. Gainera, egun berean, Erriberriko Kultur Etxean, Miguel Munárrizek zuzendu eta La Nave Teatro konpainiak ekoitzitako “Lorca niño” lanaren bigarren funtzioa izanen da.

Bestetik, igandean, hilak 28, funtzio berriak programatu dira Antzerki Poetiken zikloaren barnean. Hartara, ikusgai izanen dira berriz ere Ángel Sagüés Irigoyen zuzendari duen “Tres mujeres de Lorca” antzezlana, Ane Sagüés Abad, Itsaso Echeverría Monreal eta Ainara Ariza Delgado antzezleen eskutik; Boga-boga taldearen “Descubriendo a Hamlet”, Adriana Salvo eta Daniel Granda antzezleak tarteko; eta “Paso(s) de la política española”, Iluna taldearena, Miguel Goikoetxandiak idatzi eta zuzendu eta David Larrea, Ana Berrade eta Miguel Goikoetxandia antzezleak tarteko dituena.

Aldi berean, larunbatean, plazak dagoeneko agortuak dituen tailerra eskainiko Companhia do Chapitô taldeak eta por Amico Teatro taldeak Erriberriko Kultur Etxean garatu beharreko egonaldiarekin jarraituko du.

Gainera, egunotan Erriberri aldean daude Imed Mediouni, Tunisiako Kef hiriko Arte eta Antzerki Zentroko zuzendari eta 24 Hours Non Stop Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria eta Kefeko Musika eta Antzerkiko Goi Institutuko zuzendari Anis Hamdi. Biek topaketak izanen dituzte aste honetan jaialdian parte hartzen ari diren zenbait Arte Dramatikoko eskolarekin, eta ostiralean, hilak 26, 12:00etan, Erriberriko Kultur Etxean bilduko dira nafar sektoreko profesionalekin. Mediouni eta Hamdi komunikabideekin hitz egiteko prest daude.

Erriberriko Antzerki Jaialdiak Tafallan programatu du Arte Dramatikoko Goi Eskolen Topaketa

Zerrendara itzuli

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

Nafarroako Gobernua
fundacion_baluarte
Cultura - Kultura

LAGUNTZAILEAK

Erriberriko Udala
Tafallako Udala
Beireko Udala
San Martin Unxeko Udala
Pitillasko Udala

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.