es | eu

2021EKO UZTAILAK 16 / ABUZTUAK 1

Erriberriko Antzerki Jaialdiak estatuko artista ezagunak eta hamaika konpainia nafarren proposamenak uztartuko ditu

2021ko maiatzaren 16, igandea

Erriberriko Antzerki Jaialdiak, uztailaren 16tik abuztuaren 1era bitartean, hogeita bigarren edizioa ospatuko du, diziplina anitzeko egitarauarekin. Bertan estatuko artista ezagunak zein Nafarroako hainbat konpainia arituko dira, musika, olerkia, antzerkia eta dantza arloetan. Ekitaldietara sartzeko sarrerak ekainaren 1ean jarriko dira salgai.

2021eko jaialdiaren goiburua “Arimaren bideetan zehar” da, eta Antzerki Poetika zikloan parte hartzeko hautatutako taldeak proposatzen ditu; hala nola, Inextremis, Cardo Films, TDiferencia eta La Cuerda Teatro, La Banda Teatro Circok egoitza garatuko duen bitartean.

Gainera, berrikuntza gisa, Beireko Ezpeleta Jauregia izango da ohiko espazioekin batera, osasun-segurtasuna bermatzeko dagozkion neurriak hartuta.

Programan, antzerki-arloan ibilbide luzea duten konpainiak izango dira, tartean, La Zaranda, eta artista berriak ere bai, esate baterako, The Lyrical View gazte nafarrak. Halaber, Shakespeare, Leon Felipe edo Garcia Lorca bezalako klasikoez gain, Raymond Carver bezalako autore garaikideak izango ditugu.

Edizio honetan, “jaialdian izango dira honako hauek bezalako antzezle eta zuzendari hain finkatuak: Javier Gutierrez, Maria Leon, Hector Alterio, Paco de La Zaranda edo Andres Lima”, azaldu dute antolakuntzakoek.

Zuzendari gonbidatua Juan Carlos Rubio izango da, “La isla” obra aurkeztuko du, eta, dramaturgiako tailerra eskaintzeaz gain, antzerki-kritikariekin elkartuko da.

Nafarroako antzerki-sektoreak tokiko konpainien hamaika proposamen ekarriko ditu programaziora. Horietako bost jaialdiaren eszenatoki nagusian antzeztuko dira, lauk Antzerki Poetika zikloan hartuko dute parte, batek egoitza-laborategian, eta beste batek Erriberriko Kultur Etxean.

Nafarroako Gobernuko Kulturako kontseilari Rebeca Esnaolak, lehiaketaren zuzendari artistikoa den Luis F. Jimenezek eta Kultur Ekintza Zerbitzuaren zuzendari Lorenzo Garcia Echegoyenek gaur goizean aurkeztu dute jaialdiaren edizio berria.

Esnaolak honela azpimarratu du: “kultura segurua da, eta, aldi berean, beharrezkoa ere bai norbanakoaren eta kolektiboaren osasuna hobetzeko. Beraz, edizio berri honi aurre egingo diogu iaz bultzatu gintuen uste oso berarekin, eta jakinda herritarrek antzerkiarekin berriro elkartzea eskatzen dutela eserlekuen patioan bertan. 2021eko edizioa oihala altxatzeko gogoarekin iritsi da eta istorio eta hizkuntza artistiko berriek harrapatzen uzteko asmoarekin. Konpainien eta artisten lan ona erakusteko aukera da”.

Luis F. Jimenezek esan du edizio honetako programazioa “jaialdiko ikusleentzat pentsatu dela bereziki; konpainiekin egingo da, baina aurreko edizioetan hemen izan dugun publikoarentzat eta aurten jaialdira lehen aldiz etorriko den publikoarentzat da”.

Bestalde, Lorenzo Garciak gogora ekarri ditu osasun-segurtasuna bermatzeko ezarritako neurriak, jada 2020an hartutakoak, eta ordutegiak eta edukierak azaldu ditu. Era berean, Antzerki Poetika zikloan eta egoitza artistikoan hautatutako konpainia nafarrak iragarri ditu.

Erriberri Jauregiko La Cava eszenatokia

Jaialdia uztailaren 16an (ostirala) inauguratuko da “40 años de flamenco” ikuskizunarekin; hain zuzen ere, Carmen Linaresek eskainiko du, taulen gainean lau hamarkada daramatzanak flamenkoan, Andaluziako folklorean eta poesian barrena bidaia eginez. Hurrengo egunean, Bum Creaciones konpainiak “Espejo, capricho escénico” antzeztuko du; hau da, Javier Vianak zuzendutako muntaia, Nerea Cordero eta Javier Galianarekin.

Uztailaren 18an, igandea, edizio honetan gonbidatutako Juan Carlos Rubio zuzendariak, Histrion Teatro konpainiarekin batera, “La isla” testua aurkeztuko du, Gema Matarranzek eta Marta Megiasek antzeztua.

Uztailaren 20an (asteartea), berriz, Nafarroako Amico Teatro konpainiak “Tránsitos” aurkeztuko du; hots, nortasuna bilatzeko bidaia intimoa, egonaldi artistiko batean garatutako ikerketa-lanaren bidez sortutakoa. Antzerkia, dantza eta instalazio artistikoa konbinatzen dira. Mercedes Castaño da zuzendaria eta protagonistak Ion Barbarin eta Txori Garcia dira.

Hurrengo egunean, El Sol de York konpainiak Dennis Kellyren “Chicos y chicas” obra feminista eskainiko du, Lucia Miranda zuzendari, Nafarroako Javier Ortiz ekoizle eta Antonia Paso antzezle izanik. Hilaren 22an, ostegunean, Nafarroako Iluna Producciones taldeak “Vencidos” lana antzeztuko du, Miguel Goikoetxandiak idatzia eta zuzendua eta Marta Juaniz, Ana Berrade, David Larrea eta Miguel Goikoetxandiak antzeztua.

Modu berean, uztailaren 23an, ostirala, Producciones Lastrak “Como hace 3.000 años” lana aurkeztuko du; alegia, Leon Feliperen testua, Hector Alteriok zuzendua eta antzeztua, Jose Luis Merlinek gitarrarekin lagunduta. Larunbatean, hilaren 24an, Erriberrin “La batalla de los ausentes” ikuskizuna aurkeztuko da, La Zaranda konpainiarena, Paco de la Zaranda zuzendari dela eta Francisco Sanchez, Gaspar Campuzano eta Enrique Bustos antzezleekin.

Hilaren 25ean (igandea), Nao D’amores konpainiak “Nise, la tragedia de Inés Castro” obra eskainiko du; testua Jeronimo de Bermudezena da, zuzendaritza-lanak Ana Zamorak egiten ditu eta antzezleak Jose Luis Alcobendas, Javier Carramiñana, Alba Fresno, Jose Hernandez Pastor, Natalia Huarte, Eduardo Mayo, Alejandro Saá eta Isabel Zamora dira. 28an (asteazkena), Nafarroako La Caja Flotante konpainiak “Beautiful Stranger” antzeztuko du, Ion Iraizozen testuan oinarrituta. Lana Ion Iraizoz, Gloria March eta Juan Pañosek zuzentzen dute eta antzeztu Iraizoz berak egingo du.

Uztailaren 29an, ostegunean, Teatro del Noctámbulo Erriberrin izango da Shakespeareren “Tito Andrónico” lanarekin. Antonio C. Guijosak zuzentzen du eta aktoreak honako hauek dira: Jose Vicente Moiron, Alberto Barahona, Carmen Mayordomo, Alberto Lucero, Jose F. Ramos, Quino Diez, Lucia Fuengallego, Gabriel Moreno, Carlos Silveira eta Guillermo Serrano.

Edizioaren hirugarren astea hilaren 30ean hasiko da, ostiralean, beste klasiko batekin, Seda Producciones konpainiaren eskutik; hau da, “La pasión de Yerma”, Lola Blascok Garcia Lorcaren testuan oinarritutako egindako bertsio garaikidea eta erabat askea. Zuzendaria Pepa Gamboa eta aktoreak Maria Leon, Jorge Monje, Lucia Espin, Mari Paz Sayago eta Diego Garrido.

Uztailaren 31n, larunbatean, Beginners 2021 IAE konpainiak “Principiantes” aurkeztuko du, Raymond Carverren testuaren bertsioa, Javier Juan Cavestanyk moldatua. Zuzendari-lanetan Andres Lima arituko da eta antzezten Javier Gutierrez, Monica Regueiro, Daniel Perez Prada eta Vicky Luengo.

Erriberriko Jaialdiaren edizioari abuztuaren 1ean (igandea) emango zaio amaiera La Cavan, “Pies en tierra - Oinak Lurrean” musika-ikuskizunaren estreinaldiarekin Nafarroako The Lyrical View taldearen eskutik. Zuzendaritza-lanez Saiori Goñi eta Mario Oroz arduratuko dira, eta taldea honako hauek osatuko dute: Saioa Goñi, Carolina Luquin, Olaia Lamata, Imanol Resano, Alvaro Blasco, Leire Fernandez (1 biolina), Mario Oroz (2 biolina), Daniel Sadaba (biola), Ignacio Garcia (biolontxeloa) eta Aingeru Otxotorena (perkusioa).

Beste leku batzuk

Erriberriko Teobaldos plazan uztailaren 16an, ostirala, “Concierto 1521” musika-ikuskizuna estreinatuko da Euskal Herriko Txitulari Elkartearen eskutik, Aitor Urkizak zuzenduta.

Erriberriko Kultur Etxean, hilaren 23an, ostirala, saio bikoitzean, El Patio konpainiaren “Conservando memoria” izango da ikusgai. Egileak, zuzendariak eta antzezleak Nafarroako Izaskun Fernandez eta Julian Saenz-Lopez dira. Horrez gain, larunbatean, 24an, Tafallako Kultur Zentroan, Fernando Cayok eta Geni Uñonek (perkusioa) “Por todos los dioses” aurkeztuko dute.

Antzerki-poetika, egonaldi artistikoa

2021ean Antzerki Poetika zikloan parte hartzeko konpainia hauek hautatu dira: Inextremis, Cardo Films, TDiferencia eta La Cuerda Teatro. Bakoitzak hiru emanaldi eskainiko ditu: Tafallako Kultur Zentroan, Erriberriko Kultur Etxean, eta, lehen aldiz, Beireko Ezpeleta Jauregian. Testuak Espainiako autore garaikideenak izan behar dute, 1975 eta 2020 urte artean argitaratuak.

Inextremis Teatro konpainiak “Superhombre” aurkeztuko du; testua Blanca Bardagilena da, zuzendaria Iratxe Garcia eta antzezleak Leire Ruiz eta Txori Garcia Uriz dira. Cardo Films-ek, berriz, Julio Villarren “Viaje a pie” proposatuko du, Javier Chocarro zuzendaria eta Marta Juaniz, Josetxo Goia-Aribe (saxo tenorea) eta Mixel Ducau (kitarra) musikariekin. TDiferenciak, halaber, “Adrenalina, feniletilamina, oxitocina y otras hormonas” eskainiko du, Juan Carlos Rubioren testua, Maite Redinek zuzendua eta Ainhoa Ruizek eta Maite Redinek antzeztua.

Era berean, La Cuerda Teatrok Jose Sanchis Sinisterraren “Vacío” antzeztuko du, Eva Redondok zuzenduta eta Maitane Perezek eta Maider Lekunberrik antzeztuta.

Azkenik, La Banda Teatro Circok lan-egonaldian edo ikerketa-laborategian parte hartuko du jaialdian zehar, eta “Devenires” proiektua garatuko du. Abuztuaren 1ean, igandea, izango da saio bikoitzean, Erriberriko Kultur Etxean.

Topaketak artistekin eta prentsarekin

Erriberriko Antzerki Jaialdiak hainbat topaketa antolatuko ditu Ardoaren Museoan, 13:00ean, programaturiko artistekin eta arte eszenikoetan espezializatutako prentsan erreferenteak diren kazetariekin.

Machus Osinagak (RTVEko kazetaria, Arte Eszenikoetan aditua) eta Daniel Galindok, (La Sala programaren zuzendaria, RNE) bi topaketa egingo dituzte jaialdiaren lehen asteburuan. Uztailaren 17an, larunbatean, Carmen Linares artistarekin bilduko dira, eta 18an, igandean, Juan Carlos Rubiorekin (edizio honetako zuzendari gonbidatua).

Eta jaialdiaren azken egunean, abuztuak 1, igandea, Ana Artajo (antzerki kritikaria eta dramagilea) eta Nerea Alejos (Diario de Navarrako kazetaria) edizio honetan parte hartutako Nafarroako konpainiekin bilduko dira.

“Errealitatetik fikziora” Juan Carlos Rubiorekin

Juan Carlos Rubio dramagile, gidoilari eta aktoreak, Erriberriko Antzerkiaren 2021eko Jaialdiko zuzendari gonbidatuak, “Errealitatetik fikziora” dramaturgiako tailer praktikoa eskainiko du, 20 ordukoa, uztailaren 19tik 23ra, Erriberriko Kultur Etxean.

Parte-hartzaileek antzezlan labur bat idatziko dute, ikasleek lehen egunean klasera eramango duten egunkaritik ateratako albiste batean oinarrituta. Ikasleek ordenagailu pertsonala eta denbora beharko dute, obra hau tailerrez kanpo idazteko.

Ikastaroa 16 urtetik gorako aktore, zuzendari eta dramagileentzat da. Gehienez 15 lagunek parte hartu ahal izango dute.

Matrikularen prezioan, “La Isla” ikuskizunerako sarrera sartzen da; hain zuzen ere, uztailaren 18an izango da La Cavan. Mintegian landuko diren gaien artean, honako hauek bezalako gai praktikoak sartuko dira: errealitatearen eta fikzioaren arteko harremana, antzerkiaren dimentsio morala eta soziala, egitura eta trama, generoak, tonua, elkarrizketak, iraupena, testuaren edizioa, publikoa edota lanbidea.

Interesatuek izena emateari buruzko informazio gehiago eskura dezakete posta elektroniko honetan: programasydifusion@navarra.es.

Nao d’amores dokumentala eta sarreren salmenta

Erriberriko Kultur Etxean, uztailaren 25ean (igandea), “Nise, un viaje en la Nao d’amores” dokumentala eskainiko da, Maria Royok zuzendua eta egina. Hain zuzen ere, oinarri artistikoak eta sormen-prozesuak erakusten ditu “Nise, la tragedia de Inés de Castro” ikuskizunaren bitartez. Emanaldiaren ondoren, solasaldia egingo da Ana Zamorarekin, dramagilea eta konpainiaren zuzendari artistikoa. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.

Sarrerak ekainaren 1ean jarriko dira salgai. Onlin eskura daitezke helbide honetan: www.festivalteatroolite.com eta www.baluarte.com. Aurrez aurre, berriz, Baluarteko leihatilan jaso ahal izango dira ekainaren 1etik uztailaren 2ra, 11:00etatik 14:00era bitartean eta 17:00etatik 20:00etara, astelehenetik larunbatera. Uztailaren 15etik 31ra, berriz, ordutegia 11:00etatik 14:00etara bitartekoa izango da, astelehenetik larunbatera.

Erriberriko Turismo Bulegoko-Ardoaren Museoko leihatila (Teobaldos plaza, 4) asteburuetan irekiko da ekainaren 1etik aurrera, eta jaialdian zehar, 17:00etatik 19:00etara ostiraletan eta 10:00etatik 14:00etara larunbat eta igandeetan eta 19:00etatik 22:00etara ikuskizunen egunetan.

Tafallako Kulturgunerako sarrerak Tafallako Kulturguneko leihatilan eta online bakarrik salduko dira ekainaren 1etik aurrera (https://es.patronbase.com/_Tafalla/Productions).

Erriberriko Kultur Etxearen kasuan, sarrerak soilik eros ahal izango dira 012an uztailaren 5etik aurrera eta Erriberriko Kultur Etxean antzerki-egunean.

Bestalde, Beireko Ezpeleta Jauregian burutuko diren Antzerki Poetika zikloko ikuskizunetarako, sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.

Gainera, Erriberriko Antzerki Jaialdiak lau sarrera ditu gordeta emanaldi bakoitzeko, mugikortasun murriztuko pertsonentzat. Sarrera horiek eskuratu nahi dituzten pertsonek Baluarteko eta Erriberriko leihatiletan erosi beharko dituzte edo 948 066 060 telefonora deituta (erosketa bakoitzeko bi sarrera gehienez).

Erriberriko Antzerki Jaialdiak estatuko artista ezagunak eta hamaika konpainia nafarren proposamenak uztartuko ditu

Zerrendara itzuli

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

Nafarroako Gobernua
Cultura - Kultura
fundacion_baluarte

LAGUNTZAILEAK

Erriberriko Udala
Tafallako Udala
Beireko Udala